XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

UDAL HAUTETSIEN BILERA

Lesaka-Irun errepideaz eta Etxalarko industrialdeaz aritu dira Bortzirietako alkateak

Gure inguru honetako herriek kezka berdintsuak izaten dituzte: errepideen egoera, industriaren garapena, nekazaritza eta abeltzantzaren krisiari irtenbidea eman nahia, euskara, zaborren kudeaketa...

Gai hauen inguruan elkar hartzeko eta indarra egiteko sortu ziren Udal Mankomunidade ezberdinak duela urte batzuk.

Turismoa bultzatzeko Bertizko eta Plazaolako Partzuergoan ere bildu ziren.

Udaletatik eta Mankomunidadeetatik gaindi ere bilera aunitz eginkatu dituzte elkarrekin inguru honetako alkate eta zinegotziek.

Azken aldian gainbehera egin dute bilera horiek, baina azaroaren 17an, Bortzirietako alkateak bildu ziren Lesakan, buruan dituzten kezkak plazaratu eta elkarlanean aitzinera jotzeko asmoarekin.

Mankomunidade ezberdinek egiten dituzten ohiko bileretaz aparte, aspaldian ez ziren bilduak Bortzirietako alkate eta zinegotziak, beraien kezken berri elkarri emateko eta elkarlanerako pausuak egiteko.

Lesakan azaroaren 17an egindako bileran Bortzirietako bortz alkateak, Berako Josu Goia (EH), Lesakako Jose Luis Etxegarai (PNV-EA), Etxalarko Miguel Mari Irigoien (Herri Taldea), Arantzako Jose Ramon Amoros (EH) eta Igantziko Eduardo Migelena (PNV-EA) eta udal zinegotzi batzuk aritu ziren solasean.

Lehenik, udalez gaineko erakundeetaz aritu ziren, Cederna-Garalur eta Udalbiltza, Euskal Herriko Hautetsien Biltzarraz, hain zuzen.

Hasteko, aurten elkarteei, ekimen pribatuei eta Udaletxeei Cederna-Garalur erakundetik eman beharko liratekeen dirulaguntzetaz aritu ziren.

Zenbait ekimen pribatuk ere eskatu dute diru-laguntza eta hori guzia aztertu zen Lesakako bileran.

Cederna-Garalurreko organo erabakiorra eta zuzendari orokorra hautatzerakoan alderdi abertzale eta ez abertzaleen artean aferaren bat izan bazen ere, gai hori ez zuten ukitu Bortzirietako alkateek.

Organo horretarako ordezkariak berezi behar zirenean sortu zen arazoa asanbladan, bai alderdi abertzale eta ez abertzaleen artean, baita herri ezberdinen artean ere. Zaila izan zen ordezkariak bereiztea eta erreklamazio bat ere izan zen, baina arazoa asanbladan bertan konpondu zen, bozketen ondotik zioen Jose Luis Etxegarai Lesakako alkateak.

Inguruko Udalak Hautetsien Biltzarrera elkartzeko mozioa

Udalbiltza Euskal Hautetsien Biltzarra erakunde iraunkorraren inguruan ere aritu ziren eta mozio bat aurkeztuko omen da eskualdeko Herriko Etxeetan, erakunde honetara elkartzea eskatuz.

Jose Luis Etxegarai, Udalbiltzako Mahai Iraunkorrean ari da eta bere lanaren eta mozioaren berri eman zuen: Iruñeko batzarran emandako mandatuarekin lanean hasi zen Mahai Iraunkorra eta Bilboko Asanbladan Mahai hori behin betikoz osatu zen eta egin beharreko lanak zehaztu ziren. Asanbladak bortz lan talde osatzea agindu zuen. Bortz lan talde horiek osatu dira, bakoitzak geronen lana egin dugu. Orain dena martxan jarri behar da eta horretarako udal guziek konpromisoa hartu behar dute Udalbiltzako kide bezala. Orduan, mahaian garenok udal bakoitzari kide egin dadila eskatzen diogu mozio hori onartuz. Bere lanean tinko eta serio aritzeko nahitaezko babesa da hori Udalbiltzarentzat.

Lesakako alkatearen ustez, aurkeztuko den mozioa onartzeko ez da arazorik izanen inguru honetan.

Hemendik urte bukaerara abertzale diren udal guziak Udalbiltzako kide izatea da gure helburua. Mahai Iraunkorrean dagoenez gero, gaurko bileran zalantzak argitu nahi nituen, baina nabari da hemen jakinaren gainean daudela alkateak eta informazio nahikoa badutela.

Lesakatik Behobiarako errepidea eta Etxalarko industrialdea

N-121 errepideari buruz, eta batez ere Lesakatik Irunerako tarteaz ere solastu ziren Bortzirietako alkate eta zinegotziek.

Afera aspaldikoa izan arren, Iruñetik oraindik ez dute argitu zer eginen den bide zati horretan.

Jakina denez, Endarlatsatik Behobia arteko bidea Gipuzkoako lurrean egon arren, Nafarroarena da XIX. mendeaz geroztik.

Duela bi urte, 1997ko abenduaren 27an, Jose Ignacio Palacios eta Jose Julian Irizar, Nafarroako Gobernuko eta Gipuzkoako Diputaziokoko Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako kontseilariak mahai berean esertzea lortu zuten Bortzirietako alkateek.

Orduan, Gipuzkoako ordezkariak jabetza eskuratzea ez da nahitaezko baldintza eta segur nago akordio batera ailegatuko garela adierazi zuen.

Bi urteren buruan, ez dirudi oraindik akordiorik dagoenik.

Azkenik, Etxalarko Arrakoitz inguruan egin nahi den industrialdeaz ere aritu ziren udal ordezkariak.